Ekolapiko proiektua
Posted: Urria 19th, 2010 | Author: birasuegi | Filed under: Gu ta gutarrak | Tags: biolur, ekolapiko, haurreskola, nekazaritza ekologikoa, uztargi | No Comments »Aste honetan jarri da martxan Ekolapiko proiektua gure alaba Iratiren haurreskolan. Proiektu honen baitan haurreskolak duen sukalde propioak (Errenteriako udalak kudeatua) kontsumitzen dituen elikagaiak ekologikoak izango dira. Biolur Elkartearen nutrizionista baten laguntza izango du sukaldariak menuak osatzeko eta garaian garaiko produktuetara moldatu beharko du. Ekoizleekin harremana Biolur eta Behemendik lotuko dute eta erosketen logistika Manttangorri banatzaileak koordinatuko du.
Oso interesgarria da proiektua, hiru gauza lotzen dituelako: Gure seme-alaben alimentazio osasuntsua, Nekazaritza Ekologikoa eta jantoki kolektiboei lotutako salmenta zuzeneko merkatuaren sorrera.
Haurreskolan dagoen sukaldariari esker, orain arte ere haurreskolako jantokiko menua oso ona izan da, baina prooiektu honetan sartzea aurrerapausu bat da, oinarrian dagoen erosketa eta produkzioraino iristen delako. Oso garrantzitsua izan da haurreskolak zenbait arazo eta presioren ondoren sukalde propioa mantentzeko apustua egin izana, jakinda Eusko Jaurlaritzaren aldetik dauzkan oztopoak, eta sukaldea ezabatu eta katering bidezko sistemara pasatzeko ‘tendentzia’. Juxtu aste honetan Aralarrek parlamentuan egoerari buelta emateko proposamena egin du, baina argi dago atzean lobby indartsua dagoela.
Orain ikusi behar ea proiektuak forma hartzen duen. Oraingoz bi hilabeteko froga egingo dute eta urte amaieran datuak aztertu ondoren, erosketa sistema honek duen gainkostea aurkeztuko digute gurasoei. Frogaren gainkosteak udalak asumituko ditu, baina datorren urte hasieran benetan martxan jartzea erabakitzen badugu orduan guk gainkostea ordaindu beharko dugu, osoa? zati bat? oraindik ez dakigu.
Oraindik ahula den proiektu garrantzitsu honek gurasoen laguntza beharko du aurrera ateratzeko, beraz erabakietan gure partehartze zuzena indartu beharko dugu. Ni behintzat laguntzeko prest.
Iruzkinak