Proiektuak

Bioterra eta nekazaritza ekologikoa

Posted: Ekaina 9th, 2010 | Author: | Filed under: Gu ta gutarrak | Tags: , , , , , , | No Comments »

Urtero bezala, igandean Irungo FICOBAn izan ginen Bioterra azoka ikusten, eta urtero bezala nahiko haserre atera nintzen bertatik. (Por zierto FICOBAkoek Gobernuaren Delegazioarekin hitz egin beharko dute, larunbat eta igandean goiz osoan poliziak kontrola jarrita izan zuen sarrerako biribilgunean).

Nekazaritza ekologikoak oso panorama zaila bizi du Euskal Herrian, berez  dagokion merkatua erabat atrofiatua baitago Kalitatea Fundazioaren estrategia komertzial inbaditzailearen ondorioz. Marketing estrategia indartsu eta jarraituaren ondorioz (Izugarri lan ona egin dute, onartu beharra dago) Eusko Label produktuak jarri dituzte kalitate hobereneko produktuen tokian, eta ondorioz gaur egun Nekazaritza Ekologikoko produktuek oso zaila dute hauekin leihatzea, berez Eusko Labelak “saltzen” dituen baloreak modu egoki eta justuagoan betetzen dituzten arren. Hala ere gai sakona da eta beste post baterako utziko dut.

Bioterra da gaur egun Euskal Herriko Nekazaritza Ekologikoaren erakustoki nagusietako bat, eta urte hauetan ikusi dut nola hazten joan  den eskaintza eta bertan parte hartzen duten ekoizle, banatzaile eta elkarteen egitura. Poliki doa, baina etengabea da garapena. Aurten gehien gustatu zaidan ekimena ENEEK eta Luis Irizar sukaldaritza eskolak elkarlanean egindakoa da, ENEEKekoek ekoizleak eta bisitariak zuzeneko kontaktuan jarri zituen, sukaldaritzako ikasleek produktu ekologikoekin pintxo bat prestatzen zieten bitartean. Eskolako ikasleek sukaldea publikoari begira zeukaten, eta pintxo ezberdinen egitarau bat prestatu zuten.

Hemen han ateratako argazki bat:

Hori eta beste batzuk aspektu positiboak, baina urtero bezala handik haserre ateratzearen arrazoia berdina, Naturall.

Bioterrarekin batera egiten den azoka paraleloa da Naturall. Antolakuntzak esaten duenaren arabera “Osasun eta ongizatearen gunea” da, baina nire iritziz erremedio pseudozientifiko, erlaxatzeko aparatu eta neoerlijio alternatiboen nahasketa baino ez da. Eta ez zait gustatzen, horrelako tontokeriak ez zaizkit batere gustatzen, jendearen siniskeria potentziatzeko bakarrik balio dute, eta oraindik gutxiago gustatzen zaidana eta haserretzen nauena gauza guzti hauek Nekazaritza Ekologikoa indartu nahi duen azokarekin nahastea.

Nekazaritza Ekologikoak aurrera egin nahi badu, horrelako ekimenetatik aldendu behar du, askotan esaten dudan bezala, dietetika eta belar-dendatatik atera eta bere espazio propioak sortu behar ditu, dauzkan ezaugarri positiboak indartuz, nekazaritza garbi eta justuagoaren alde. Elikadura eredu sozialaren alde nago eta horretarako Nekazaritza Ekologikoa ondo definitu behar dugu.