Mugimendu sozialetan sareak sortzen – Alda!
Posted: Abendua 7th, 2010 | Author: birasuegi | Filed under: Gu ta gutarrak | Tags: artikuluak, attac, fiare, mugimendu sozialak | 1 Comment »Enbata aldizkariaren barne argitaratzen den Alda!-rako idatzi nuen artikulua, Bizi!-ko lagunek eskatuta.
Ez nago ohituta horrelakoetara, teorizatzea baina gehiago gustatzen zait egitea, baina zer demontre, ikasteko balio izan dit.
Mugimendu sozialetan sareak sortzen
Beñat Irasuegi, Hegoaldeko ATTAC eta Fiare (banka etiko)-ko kidea
Alda ! daté du 11.11.10
Erlazioak modu arinagoan eta ez esklusiboan bizi ditugu gero eta gehiago, sare moduan lan egiteko gai bagara, zer esana izango duen gizarte zibil antolatua egituratzea lortuko dugu
Beñat Irasuegi est membre d’Attac et de la banque éthique Fiare au Pays Basque Sud. Il présente pour Alda!, comment les mouvements sociaux, organisés de façon horizontale et locale, peuvent, une fois mis en réseaux, être effiaces face au modèle économique et politique dominant.
Lanki Ikertegiak UEUko ikastaroen baitan “Iraunkortasunerako euskal transizioaz: herri-ekimenaren desafioak” mintegia antolatu zuen, eta garatzea planteatzen zuen gai orokorraz gain, iraunkortasuna, bigarren zatia egin zitzaidan zinez interesgarria, herri-ekimenaren desafioak. Azken aldian jende askoren ahotan daude iraunkortasuna, transizioa, aldaketa klimatikoa eta desazkundea bezalako kontzeptuak, eta hitzaldi eta antzekoak ugari dira, baina herri ekimenaren antolaketa eta egituraketaz gutxiago hitz egiten da, eta zenbait ekimenetan murgilduta nabilenez antolatzaileek hitz hauekin egindako deialdiak bultzatu ninduen mintegian parte hartzera: “trantsiziorako irtenbideak, iraunkorrak izango badira, lekuan lekuko diseinuen bidez bilatu beharko ditugu, herrigintzan sendo oinarrituta eta lekuan lekuko komunitateak protagonista eginez” (Berria 2010/07/04). Hainbat herri-ekimenetan parte hartzen dut gaur egun, guztiak herritarren ahalduntzearekin lotura dutenak, eta guztiek dute erronka nagusi bat, nola antolatu etorkizuneko gizarte mugimendu bat, horizontala, herri-ekimenetik sortua eta beste ekimenekin saretuz klase politikoa eta kapitalaren aurrean eraginkorra izango dena. Bide honetan bi prozesu ezberdin azalduko ditut, erronka modu ezberdinean bideratu dutenak, baina nolabait mugimendu sozial bezala egitura propioa eta demokratikoa bilatzen dutenak.
“Les solutions comme la transition seront durables
dans la mesure où elles sont adaptées aux réalités locales
et les communautés locales y sont moteurs”
ATTAC mugimendua hego Euskal Herrian eta FIARE banka etiko proiektua
ATTAC mugimendu altermundialista internazionala da, aski ezaguna frantziar estatuan, baina espainiar estatuan orain gutxi arte eta Hego Euskal Herrian bereziki presentzia gutxi izan duena. ATTACek mundu mailako finantza globalizatuen kontrolerako alternatibak proposatzen ditu, besteak beste, transakzioen gaineko Tobin Tasaren bitartez, eta paradisu fiskalen desagertzea proposatuz. ATTACen zabalkundea estatuen baitan abiatu zen, eta zenbait estatutan modu honetan garapen sendoa lortu duen arren, beste zenbait kasutan, espainiar estatuan adibidez, garapen hori mugatua izan da. Egoera ikusita, espainiar estatuko ATTACek, estatutuak aldatu, eta garapena modu deszentralizatuan egitea erabaki zuen, tokian tokiko kolektibo heterogeneoen sorrera bultzatuz, eta sare moduan mugimendu horizontal eta demokratikoa eraikiz. Erabaki honek lortu du bi urtean ATTACek indar berria hartzea, eta oraindik lehen pausoak ematen ari bada ere, sare sendo eta anitza sortzea. Hemen kokatzen da Hego Euskal Herriko ATTAC Auzolan kolektiboaren sorrera, abenduan urte bat egingo du, eta oraindik sorrera fasean gaude. Gure kolektiboaren helburua da Euskal Herrian ATTAC kolektibo ezberdinen sorrera bultzatzea. Herrikoak, enpresakoak, unibertsitatekoak etb. eta horien artean adostasuna sortzen bada ATTAC Euskal Herria mugimendua sortzea. Beste helburu bat gure inguruan dabiltzan mugimendu sozial ezberdinekin sarea sortzen bidea egitea da, bertan kokatzen ditugularik, sindikatuak, FIARE edo Bizi! bezalako mugimenduak. Azkenik ATTACen planteamendu politikoak aktibismo lokalera zuzentzea da hirugarren erronka nagusia. Internazionalki eta estatu mailan lan handia egiten dute ATTACen talde nagusiek, baina ATTAC Auzolanek lortu behar du ideia horiek herri mailara ekarri, moldatu eta praktikan jartzea.
“Créer un réseau européen de banques éthiques
entre Fiare, La Nef et Banca Popolare Etica”
Fiare banka etikoa
FIARE proiektuaren sorrera oso ezberdina izan zen. Euskal Herrian sortu zen, baina denborarekin zabaltzen joan da, eta momentu honetan, indar ezberdinarekin baina espainiar estatuko lurralde guztietan presentzia duen sarea sortzea lortu du. Frantziar estatuko La Nef banka etikoarekin eta Italiako Banca Popolare Etica-rekin harreman sendoak lortu ditu ere, helburua Europa mailako sarea sortzea. FIARE proiektuaren helburua Banka Etikoan oinarritutako Kreditu Kooperatiba sortzea da, gaur egun krediturik lortu ezin duten erakunde, proiektu eta pertsonei zerbitzu emateko. Irabazi asmorik gabe eta irizpide etikoekin, eta horretarako sozio eta kapital nahikoa lortzeko lanean dabil (6 milioi euro behar ditu, eta erdia inguru lortu da), hala re kooperatiba izatea rebaki du, eta kapitala garrantzitsua izango den arren, kooperatibako sozio izango direnak bila-tzea da erronka. Etorkizunean sozio izango garen kideetan oinarritzen da egitura, eta herri eta eskualdetako taldeak sortzen ari gara horretarako, kontuan izanda kooperatiba sortzean sozio bakoitzak, jarri dugun kapitala kontutan izan gabe, boto bat izango dugula, oso garrantzitsua da oinarri sozial handia izatea. Pertsonez aparte erakunde eta mugimendu sozial anitzek parte hartzen dute proiektuan. Erakunde demokratikoa eta tokian tokiko beharrei erantzungo diena izan nahi du FIAREk, eta pausoz pauso baina bide onean goaz.
Antolatzeko modu berri bat
Bi proiektu hauek adibideak dira, baina antolatzeko modu berri baten erakusle dira, izan ere garai bateko antolaketa piramidal edo formalak eratzeak errezeloa sortzen du aktibista askoren artean, eta sarean modu banatu eta horizontalean antolatzeak proiektu ezberdinetan parte hartzen dugun pertsonen inplikatzea errazten du. Mugimenduekin erlazioa beste modu batean ikusten da gaur egun aktibisten aldetik, erlazioak modu arinagoan eta ez esklusiboan bizi ditugu gero eta gehiago, eta egiturak eta antolaketak horretara moldatzen baditugu eta talde ezberdinen artean sare moduan lan egiteko gai bagara, mugimendu sozial indar-tsuak eta zer esana izango duen gizarte zibil antolatua egituratzea lortuko dugu.
Artikulua ale honetan publikatu zen:
Enbata – Alda 2152 – 2010-11-11
[...] This post was mentioned on Twitter by Mikel Iturria and Beñat Irasuegi , Mikel Uriguen. Mikel Uriguen said: Bide berriak jorratzen RT @birasuegi: Mugimendu sozialetan sareak sortzen – Alda! http://bit.ly/hY4Md3 [...]
[WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (208.74.66.43) doesn’t match the comment’s URL host IP (74.112.128.10) and so is spam.