Txintxarri: Zesio eta herentziak
Posted: Urria 9th, 2010 | Author: birasuegi | Filed under: Gu ta gutarrak | Tags: autoeraketa, komuna, txintxarri | No Comments »Txintxarri Elkarteko bazkidea naiz Errenterian, eta asteazken honetan urteko Batzar Nagusia izan dugu. Lehenik madalenetan egindako lanarekin atera dugun dirutzaren balantzea egitea tokatzen zen, eta egia esan lan asko egiten dugu eta urte osoko ekintzetarako diru polita ateratzen dugu. Ondoren zuzendaritzan aldaketak egitea tokatzen zen, baina tramite hutsa denez azkar konpondu genuen. Azkenik gai garrantzitsuena, azken urteetan buruhauste eta haserre asko sortu dituena, Zesio eta Herentziak.
Esan daiteke Txintxarri ezkerreko elkartea dela, ideia ezkertiarren inguruan sortu zen, eta bertan sozio den jendea ezkertiarra da, familia batekoa edo bestekoa, baina ezkertiarra. Urte askotan elkartea alokatutako lokal batean egon da, baina duela 4 urte lokal berrira pasa ginen, erositako lokal batera. Honek bi arazo sortu ditu, erosketaren kostua bazkideen poltsikoetan, eta bazkide bakoitzak propietateari ematen dion zentzua. Bi arazo hauek mugimendu ezberdinak sortu dituzte bazkideen artean, bajak, ordaindutako zesioak, haserreak… Eta guzti honekin bukatzeko asanbladan gauzak argitzea erabaki zen.
Asanbladan eztabaida luzea izan genuen, eta batzuk beste asanblada berezi bat egitea erabaki nahi zuten harren, azkenean gaiari buruzko erabaki eta bozketa egin arte handik ez ateratzea erabaki genuen.
Nire ustez eta beste bazkide askoren ustez, eta hitz egindakoaren arabera, elkartearen oinarrizko printzipio bat hau da: ” Elkartearen lokalaren jabetza elkartearena da, modu kolektiboan eta ez indibidualean. Elkarteko bazkideen propietate komunala da”
Printzipio honekin eta eztabaidaren ondoren erabaki genuen:
- Ezin da bazkidetzaren zesiorik egin. Bazkide batek uzten duena baja da, eta itxaron zerrendako lehena sartzen da sarrera kuota ordaindu ondoren. Asanbladan onartuko da sarrera berria.
- bazkide bat hiltzen denean, bere inguruak (familia, lagunak…) erabakiko dute bazkidetza nori eman. zuzenean pertsona bati edo elkarteari. Zuzenean pasatzean ez da sarrera kuota ordainduko.
Nik eta beste batzuk, besteen artean nire izebak heriotza kasuan ere lehen puntuan bezala jokatzea proposatu genuen, heriotza kasuan ere bazkidetza elkartearentzat da. Bozketa galdu genuen. Hala ere galarazita geratzen da akordio pribatuen bitartez bazkidetza beste pertsona bati pasatzea. Bazkidetza elkartearena da.
Hau horrela izanda, nire izeba, niri eta gure ingurukoei tokatzen zaigu duela hilabete hil zen izeba Laura maitearen bazkidetzarekin zer egin erabakitzea, tamalez eta kasualitatez hau baita lehen kasua. Esan bezala izeba eta nire ustez heriotza kasuan ere bazkidetzak elkartearena izan behar luke, baina ez da hori erabaki, beraz izeba Laurak zer egingo zukeen pentsatu beharko dugu.