Urte txarra izan omen da aurtengoa, hori esan daiteke behintzat inguruan galdetzen badugu, interneten bidaiatxo bat egiten badugu edo laister publikatuko diren urtekariak irakurtzen baditugu. Ba pertsonalean ez da horrela izan niretzat, lehen urte erdi gogorra pasa banuen ere, erabaki garrantzitsuen urtea izan da 2011 eta orain eraldaketa pertsonalaren bidean nago, horregatik datorren urtea pertsonalean eta lanean oso onak izango direla uste dut, etxera laugarren pertsona iritsiko zaigu eta autoeratzen ari naizen ibilbide profesional berriak forma definitiboa hartuko du urtean zehar.
Eta munduan ere urtea ez da ikusarazi nahi diguten bezain txarra izan. Beti ere iparraldeko herrialdeen ikuspegian murgilduta bizi gara, eta gainera gure interes kolektiboetatik urrun dagoen Kapitalaren ikuspegi subordinatuan. Kapitalismoak izan duen krisi zikliko sakonenetakoa bizi dugun honetan, argi ikusten dugu etorkizunean gauzak asko aldatuko direla, baina zorionez sistemari hortzak ikusi dizkiogu, eta eraldaketaren bidean hori da lehen pausoa, konzientzia hartzea eta informazioa izatea. Hurrengoa Autonomia lortzea, bizitzako aspektu guztietan, eta azkenik antolakuntzaren bitartez ideietan eta ekimenean estrategia hegemonikoak martxan jartzea. Hemen bide honen lehen fasearen hasieran baino ez gaude, eta hurrengo pausoak eman bitartean langile klasea osatzen dugunok asko sufrituko dugu, baina antolatu gaitezen lehenik autonomiaren bidea egiten hasteko, hortan ere lan asko baidaukagu, zentzu honetan proiektu asko daude martxan eta datorren urtean hortan zentratu beharko gara. Hurrengo post batean azalduko ditut ni pertsonalki inplikatu naizen zenbait proiektu.
Bitartean munduko beste herrialde batzuetan dinamika subordinatuak alde batera utzi dituzte, eta informazioaren fasea gaindituta autonomiarako tresnak lantzen daramazkite urteak. Ondorioz kapitalismoaren krisi ziklikoa ez dute guk bezainbeste sufritu eta aurrera egiteko tresna propioak dituzte, begirada kolektiboz eraiki nahi dute etorkizuna eta beraien herrialdeetatik hasita mundu mailako eraldaketa prozesua martxan jartzeko prest daude, bide horretan oso garrantzitsua izan da azken urtea. Gure esku dago Latinoamerikatik datozkigun adibideak jaso eta gurean ere Eraldaketaren Bidea eraikitzen hastea.
Hemen errege, lehendakari eta teknokrata ugarien diskurtso pobre eta etsigarria normaltzat ematen dugun bitartean, Boliviako lehendakariordeak Venezuelako Filosofia Foroan diskurtso inspiratzaile hau egin zuen. Hartu behar den denbora eta ikusi Alvaro García Linera, Estatua, Iraultza eta Hegemoniaren eraikuntzaz hitz egiten.
Bakalhauko kideok gosari-solasaldia antolatu dugu datorren igande honetan Mikelazuloko lagunekin batera. Lagun guztiak gonbidatuta zaudete, baina mesedez konfirmatu asistentzia niri edo Mikelazulokoei!
Gosari-solasaldia:
Kultura Librea? Zergatik behar dugun librea izatea.
NON: Mikelazulo Kultur Elkartean, Errenteria-Orereta. Beheko Kalea 4- behea NOIZ: Abenduaren 18, Igandea, goizeko 10:30etan. NORK: Bakalhau etaMikelazulo Kultur Elkarteak. http://bakalhau.info/
Kultura librea?
Kulturak berez izan beharko luke libre, baina kultura libre izateko eskatzen ari gara, eta kontraesana beharko lukeen arren gure gizartearen benetako behar bat da.
Baina zer ulertzen dugu kultura librea esatean?
Bakoitzak bere ikuspegi edo definizioa izango du.
Bakalhauko kideok Mikelazulo Kultur Elkartearekin batera antolatu dugun gosari-solasaldi honetan ikuspegi eta definizio ezberdinak emango ditugu, ez da hala ere gure helburua kontzeptuaren inguruan eztabaida amaigabean murgiltzea.
Gizartearen behar bat denez.
Kultura Librea landu eta defendatzeko klabe politikoak zehazten saiatuko gara.
Jakin beharko dugu zerk ematen dion sostengua gaur egungo sistema kulturalari:
Noiz sortu zen gaur egun ezagutzen dugun jabetza intelektuala?
Zein bidetatik iritsi gara sormenaren apropiazio indibidualistara?
Zein balore eta ideiatan sostengatu dezakegu Kultura Librea?
Hasteko hiru enfoke ezberdinetatik helduko diogu gaiari:
Herrigintza eta sormenaren bidetik, Imanol Epelderen bitartez. http://www.27zapata.com/
Ondoren eta helburu nagusia izanik, solasaldi irekia izango dugu gosari goxoak lagunduta eta hasieran aipatutako helburua lortzeko asmoz: Lortuko dugu Kultura Librearen alde egiteko klabe politikoak zehaztea?
Animatu eta etorri gurekin gosaltzera!
Gaur goizean sorpresaz Fiare proiektuari buruz hitz egitea tokatu zait Euskadi Irratian, Juan Garibi Zabalkunde Zuzendariari egin dioten elkarrizketa baten barnean. Horrela atera da:
Aurten Zinemaldia barrutik ezagutuko dut. Aspalditik nuen gogoa, eta Naniano produktorako lagunei esker posible izango da. Trukean beraien zenbait proiekturekin lagunduko diet.
Atzo Zinemaldiko egutegia planifikatzen ibili ginen, ikusi nahi ditugun filmeak bilera, foro eta festekin tartekatuz. Profesional pasearekin ibiliko naiz, eta ea zenbat pelikula ikusteko aukera daukadan, behintzat interesgarriak iruditzen zaizkidan filmen zerrenda egin dut, eta egutegian sartu ditut. Hauetako batzuk ikusten saiatuko naiz:
Sail Ofiziala
Intouchables
Intruders
No habrá paz para los malvados
Amen
Le Skylab
La voz dormida
Zabaltegi
Arrugas
A annan veg
Emek Tiferet
L’Envahisseur
The tree of life
Et mintenannt on va ou?
Shame
Le Havre
Urte berri on, amona!
Le chat du Rabin
Tralas luces
Crazy Horse
Sur la planche
Horizontes Latinos
Miss Bala
Las acacias
Asalto al cine
Todos tus muertos
Zinemira
Bi Anai
Nao Yik
El ultimo paso
Next music station: Lebanon
Denbora faltagatik kanpoan utzi beharko ditut ziklo bereziak. Zinema mexikarrarena oso interesgarria iruditzen zait. Bestalde tarteren bat badaukat (zaila) gaueko 12etan programatu dituzten hiru pelikula berezietako batera joaten saiatuko naiz, bi film erotiko japoniar eta ‘Le Moine’ gotikoa.
Gaur jaso dugu Azabaratza basherri taldeko kideok Manuelek prestatutako lehen barazki saskia. Kale erdian jaso dugu, esperientziari bisibilitatea eman nahi diogulako, eta egia esan atentzioa deitu du kale erdian egindako barazki banaketak, hemen lehen argazki bat:
Oraingoz pixkanaka martxa hartzen ari da taldea, baina helburu argia daukagu, elikagaien kontsumoa beste modu batera egitea, ekoizleen proiektuen bideragarritasuna bermatuz eta Euskal Herrian elikadura subiranotasuna sustatuz.
Enbata aldizkariaren barne argitaratzen den Alda!-rako idatzi nuen artikulua, Bizi!-ko lagunek eskatuta.
Ez nago ohituta horrelakoetara, teorizatzea baina gehiago gustatzen zait egitea, baina zer demontre, ikasteko balio izan dit.
Mugimendu sozialetan sareak sortzen
Beñat Irasuegi, Hegoaldeko ATTAC eta Fiare (banka etiko)-ko kidea Alda ! daté du 11.11.10
Erlazioak modu arinagoan eta ez esklusiboan bizi ditugu gero eta gehiago, sare moduan lan egiteko gai bagara, zer esana izango duen gizarte zibil antolatua egituratzea lortuko dugu
Beñat Irasuegi est membre d’Attac et de la banque éthique Fiare au Pays Basque Sud. Il présente pour Alda!, comment les mouvements sociaux, organisés de façon horizontale et locale, peuvent, une fois mis en réseaux, être effiaces face au modèle économique et politique dominant.
Lanki Ikertegiak UEUko ikastaroen baitan “Iraunkortasunerako euskal transizioaz: herri-ekimenaren desafioak” mintegia antolatu zuen, eta garatzea planteatzen zuen gai orokorraz gain, iraunkortasuna, bigarren zatia egin zitzaidan zinez interesgarria, herri-ekimenaren desafioak. Azken aldian jende askoren ahotan daude iraunkortasuna, transizioa, aldaketa klimatikoa eta desazkundea bezalako kontzeptuak, eta hitzaldi eta antzekoak ugari dira, baina herri ekimenaren antolaketa eta egituraketaz gutxiago hitz egiten da, eta zenbait ekimenetan murgilduta nabilenez antolatzaileek hitz hauekin egindako deialdiak bultzatu ninduen mintegian parte hartzera: “trantsiziorako irtenbideak, iraunkorrak izango badira, lekuan lekuko diseinuen bidez bilatu beharko ditugu, herrigintzan sendo oinarrituta eta lekuan lekuko komunitateak protagonista eginez” (Berria 2010/07/04). Hainbat herri-ekimenetan parte hartzen dut gaur egun, guztiak herritarren ahalduntzearekin lotura dutenak, eta guztiek dute erronka nagusi bat, nola antolatu etorkizuneko gizarte mugimendu bat, horizontala, herri-ekimenetik sortua eta beste ekimenekin saretuz klase politikoa eta kapitalaren aurrean eraginkorra izango dena. Bide honetan bi prozesu ezberdin azalduko ditut, erronka modu ezberdinean bideratu dutenak, baina nolabait mugimendu sozial bezala egitura propioa eta demokratikoa bilatzen dutenak.
“Les solutions comme la transition seront durables
dans la mesure où elles sont adaptées aux réalités locales
et les communautés locales y sont moteurs”
ATTAC mugimendua hego Euskal Herrian eta FIARE banka etiko proiektua
ATTAC mugimendu altermundialista internazionala da, aski ezaguna frantziar estatuan, baina espainiar estatuan orain gutxi arte eta Hego Euskal Herrian bereziki presentzia gutxi izan duena. ATTACek mundu mailako finantza globalizatuen kontrolerako alternatibak proposatzen ditu, besteak beste, transakzioen gaineko Tobin Tasaren bitartez, eta paradisu fiskalen desagertzea proposatuz. ATTACen zabalkundea estatuen baitan abiatu zen, eta zenbait estatutan modu honetan garapen sendoa lortu duen arren, beste zenbait kasutan, espainiar estatuan adibidez, garapen hori mugatua izan da. Egoera ikusita, espainiar estatuko ATTACek, estatutuak aldatu, eta garapena modu deszentralizatuan egitea erabaki zuen, tokian tokiko kolektibo heterogeneoen sorrera bultzatuz, eta sare moduan mugimendu horizontal eta demokratikoa eraikiz. Erabaki honek lortu du bi urtean ATTACek indar berria hartzea, eta oraindik lehen pausoak ematen ari bada ere, sare sendo eta anitza sortzea. Hemen kokatzen da Hego Euskal Herriko ATTAC Auzolan kolektiboaren sorrera, abenduan urte bat egingo du, eta oraindik sorrera fasean gaude. Gure kolektiboaren helburua da Euskal Herrian ATTAC kolektibo ezberdinen sorrera bultzatzea. Herrikoak, enpresakoak, unibertsitatekoak etb. eta horien artean adostasuna sortzen bada ATTAC Euskal Herria mugimendua sortzea. Beste helburu bat gure inguruan dabiltzan mugimendu sozial ezberdinekin sarea sortzen bidea egitea da, bertan kokatzen ditugularik, sindikatuak, FIARE edo Bizi! bezalako mugimenduak. Azkenik ATTACen planteamendu politikoak aktibismo lokalera zuzentzea da hirugarren erronka nagusia. Internazionalki eta estatu mailan lan handia egiten dute ATTACen talde nagusiek, baina ATTAC Auzolanek lortu behar du ideia horiek herri mailara ekarri, moldatu eta praktikan jartzea.
“Créer un réseau européen de banques éthiques
entre Fiare, La Nef et Banca Popolare Etica”
Fiare banka etikoa
FIARE proiektuaren sorrera oso ezberdina izan zen. Euskal Herrian sortu zen, baina denborarekin zabaltzen joan da, eta momentu honetan, indar ezberdinarekin baina espainiar estatuko lurralde guztietan presentzia duen sarea sortzea lortu du. Frantziar estatuko La Nef banka etikoarekin eta Italiako Banca Popolare Etica-rekin harreman sendoak lortu ditu ere, helburua Europa mailako sarea sortzea. FIARE proiektuaren helburua Banka Etikoan oinarritutako Kreditu Kooperatiba sortzea da, gaur egun krediturik lortu ezin duten erakunde, proiektu eta pertsonei zerbitzu emateko. Irabazi asmorik gabe eta irizpide etikoekin, eta horretarako sozio eta kapital nahikoa lortzeko lanean dabil (6 milioi euro behar ditu, eta erdia inguru lortu da), hala re kooperatiba izatea rebaki du, eta kapitala garrantzitsua izango den arren, kooperatibako sozio izango direnak bila-tzea da erronka. Etorkizunean sozio izango garen kideetan oinarritzen da egitura, eta herri eta eskualdetako taldeak sortzen ari gara horretarako, kontuan izanda kooperatiba sortzean sozio bakoitzak, jarri dugun kapitala kontutan izan gabe, boto bat izango dugula, oso garrantzitsua da oinarri sozial handia izatea. Pertsonez aparte erakunde eta mugimendu sozial anitzek parte hartzen dute proiektuan. Erakunde demokratikoa eta tokian tokiko beharrei erantzungo diena izan nahi du FIAREk, eta pausoz pauso baina bide onean goaz.
Antolatzeko modu berri bat
Bi proiektu hauek adibideak dira, baina antolatzeko modu berri baten erakusle dira, izan ere garai bateko antolaketa piramidal edo formalak eratzeak errezeloa sortzen du aktibista askoren artean, eta sarean modu banatu eta horizontalean antolatzeak proiektu ezberdinetan parte hartzen dugun pertsonen inplikatzea errazten du. Mugimenduekin erlazioa beste modu batean ikusten da gaur egun aktibisten aldetik, erlazioak modu arinagoan eta ez esklusiboan bizi ditugu gero eta gehiago, eta egiturak eta antolaketak horretara moldatzen baditugu eta talde ezberdinen artean sare moduan lan egiteko gai bagara, mugimendu sozial indar-tsuak eta zer esana izango duen gizarte zibil antolatua egituratzea lortuko dugu.
Aste honetan jarri da martxan Ekolapiko proiektua gure alaba Iratiren haurreskolan. Proiektu honen baitan haurreskolak duen sukalde propioak (Errenteriako udalak kudeatua) kontsumitzen dituen elikagaiak ekologikoak izango dira. Biolur Elkartearen nutrizionista baten laguntza izango du sukaldariak menuak osatzeko eta garaian garaiko produktuetara moldatu beharko du. Ekoizleekin harremana Biolur eta Behemendik lotuko dute eta erosketen logistika Manttangorri banatzaileak koordinatuko du.
Oso interesgarria da proiektua, hiru gauza lotzen dituelako: Gure seme-alaben alimentazio osasuntsua, Nekazaritza Ekologikoa eta jantoki kolektiboei lotutako salmenta zuzeneko merkatuaren sorrera.
Haurreskolan dagoen sukaldariari esker, orain arte ere haurreskolako jantokiko menua oso ona izan da, baina prooiektu honetan sartzea aurrerapausu bat da, oinarrian dagoen erosketa eta produkzioraino iristen delako. Oso garrantzitsua izan da haurreskolak zenbait arazo eta presioren ondoren sukalde propioa mantentzeko apustua egin izana, jakinda Eusko Jaurlaritzaren aldetik dauzkan oztopoak, eta sukaldea ezabatu eta katering bidezko sistemara pasatzeko ‘tendentzia’. Juxtu aste honetan Aralarrek parlamentuan egoerari buelta emateko proposamena egin du, baina argi dago atzean lobby indartsua dagoela.
Orain ikusi behar ea proiektuak forma hartzen duen. Oraingoz bi hilabeteko froga egingo dute eta urte amaieran datuak aztertu ondoren, erosketa sistema honek duen gainkostea aurkeztuko digute gurasoei. Frogaren gainkosteak udalak asumituko ditu, baina datorren urte hasieran benetan martxan jartzea erabakitzen badugu orduan guk gainkostea ordaindu beharko dugu, osoa? zati bat? oraindik ez dakigu.
Oraindik ahula den proiektu garrantzitsu honek gurasoen laguntza beharko du aurrera ateratzeko, beraz erabakietan gure partehartze zuzena indartu beharko dugu. Ni behintzat laguntzeko prest.